lunes, 9 de abril de 2007

Ipuina: 2.atala

Limosnekin Bizirauten. Noiztik?

Txartel txuria eta kaleko argi txikia zaizkit lagun nire ixkina hontan. Denbora igarotzen ez den ixkina hontan. Egiak aitortzen hasita, aitortu behar baitut ez dakidala zenbat urte pasa ditudan hemen, ez dut gogoan noiz eta nola iritsi nintzen hona.

Urteak pasa direla ukaezina da ordea, nire ingurua aldatua sumatzen dut. Iritsi nintzenean inguratzen ninduen guztia iluna zen, nire desgraziak adierazten zituen zulo beltz baten erdian nengoela ematen zuen. Horma arrailduak, espaloi pitzatuak eta trafikoak eta tabakoak sortzen zuten hodei gris bat, horiek ziren paisaiaren ezaugarri nagusiak.

Bat, bi.
Udaletxeak ordea, biziberritze plan antzeko bat martxan jarri zuela pentsatzen dut, eta inguru osoa atondu zituen, iluntasuna zegoen tokian, zarata franko atera eta hautsak ongi astindu ondoren goitik behera berriztua geratu zen dena. Baina nik ordea ixkina berean jarraitzen nuen, txartel eta argi beraren lagun, inolako aldaketarik pairatu gabe. Nigan ez zegoen aldaketarik urteak pasa ahala, nik antza, ez nuen biziberritzerik behar.
Ohartu nintzen, instituzioek gutxi egiten dutela ni laguntzeko, eta oihu egin arren, eskatu arren, eztarria urratzea besterik ez nuen lortzen.

Hiru lau,
Kaletarren artean berriz, begirada tristez begiratzen ninduten haietaz gogoratzen naiz. Batzuetan horrenbeste pena irradiatzen zuten niganako, uste nuela negar batean hasi behar zutela. Txapona bota eta beren bidea jarraitzen zuten. Baziren bi neska gazte noizean behin nitaz hizketan aritzen entzuten nituenak eta tarteka hurbiltzen zitzaizkidan txapon batzuk ematera, elkarrizketa ere ematen zidaten bost minutuz bazen ere. Ahots xume eta goxoa zuten, belarria alaitzen zidaten eta denboraz etxeko ahots bihurtu zitzaizkidan, atseginak ziren. Bost minutu eta aurreko biei gehitutako bost txanpon horiek onartuz bizirauten nuen, ahal nuen bezala. Gaur egun, neskato horiek beren alaba gazteekin pasatzen dira nire ondotik eta “ hori da gure inguruaren irudia zikintzen duena Maddi” esaten dio batek alabari eta besteak “arrazoi duzu” erantzuten dio, niri atzerritarra egiten zaidan hizkuntza batean, lehengoa ez bezalako eran alegia, zakarki eta ahots lodi batez.

Bost.
Kalean nagoela jendea aztertzeko denbora izaten dut, behealde honetatik dena antzematen da, eta aditasun pixka batekin asko ikasten da. Jende multzo ezberdinen artean beraz badira asko negarra ez esateagatik barregurea ematen didatenak. “Ustez” izena jarri diet. Lagunen aurrean niri aurpegia atera eta gero batere laguntzarik ematen ez didaten guzti horiek. Ustez ezinobeak direla uste duten horiek. Eta nik, ezin ditut hipokritak jasan. Ez banauzu lagundu nahi ez zazu egin, baina ez plantarik egin arren!

Sei, zazpi.
Ez naiz inoiz lekuz mugitu, batzuek ikustezin bilakatu nauten arren nik hor jarraitzen dut geldi eta tartean-tartean mugimendu itxaropentsuak sumatu izan ditut. Kontzientzia astintzea tokatu den garaietan inadarrak bildu eta jendea protestaka ikusi dut, aldarrikapenetan, beren eskubideen defentsan, tinko, gogotsu. Nirekiko kontzientzia arduratsua izan dutenak gutxi dira, eta beraien ahaleginak eskertu arren nire kabuz bizitzen ikasi beharrean aurkitu naiz.

Biribil bat dela dirudien egoera batean nago, zerbait gehiago lortuko dudala ematen duen bakoitzero lehen negoen leku berera iristen naiz.

Zortzi, bederatzi. Gaur hamarrera ere ez naiz iritsi, bederatzi txanponekin konformatu behar.